Arbolak miresten ditut, gure irudikoak direlako eta aldi berean gu baino askoz zuhurragoak ere: erroak lurrean dituzte, abarrak alde orotara luzatzen dabiltza bekaizkeriarik gabe eta burua zeruari hurbil-hurbila daukate. Deus ikustekorik ez, garen haizete axolagabe hauekin. Jakoba Errekondok atera duen Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aski da hostokatzea ohartzeko zer nolako aniztasuna dagoen arbolen artean!
Horregatik min egiten du Europako oihanak sutan ikusteak. Egunkarietan eta telebista pantailetan dena jan nahi duten su mihi erraldoiak agertzen zaizkigu, Landetan, Probantzan edo gaztetan Parisen bizi ginela, igandeetan, oinez zeharkatzea hain maite genuen Fontainebleauko baso domanial sinestezinean! Hispaniako katastrofeak ez ditugu ahanzten bistan dena. Suak, Anselm Kiefer artistaren obra magistraletan bezala, ikatz, hauts eta errauts uzten ditu bazterrak...
Ber osatzeko astia behar duten arren, arbolak, belarrak eta oihanak berdetuko dira, denbora geologikoaren zurubian gizaki-piromanoak aspaldian desagertuak izanen direlarik!