Mende bat eta erdi eman du anarko-sindikalismoa izeneko tendentziak (a)narko-kapitalismoa bilakatzen. Mugimendu politikoaren edukia aldatu da, dagoeneko munduko gizaki okituenak ari baitira, aldi berean, demokraziaren oinarriak motozerraz suntsitu beharrez eta zerga arruntei nola ihes egingo duten kalkulatzen. Gune ekonomiko bereziak antolatzen dituzte, legeen, tasen, ingurune araudien, lanaren eta eraikuntza kodeen gain-gainetik ekiteko. Ezin uka ekonomia alorrean aritzen diren (gure) nagusi txikien ametsa ere dela!
Aberastasuna banatzen duten nazio-estatuen lehertze bezperan gaude. Badirudi etorkizuneko eredua, enpresa gisa kudeatzen diren hiri itxiena izanen dela, errentagarriak ez diren jendeak baztertuko dituena, haurrak, eriak, langabetuak edo adinekoak adibidez: errealitateak fikzioa irensten du. Gehiengoak uste du, haatik, pantailak zarataz mukurutzen dituzten oligarka horiek ez direla ausartuko demokrazia ehorztera, baina Kasandra batzuek, hain humanoa den faszinazioaz eta mendekotasun zoratuaz harago, hitzez hitz sinetsi beharko genituzkeela diote...