Cole Webleyren Omahako bidean izeneko filma ikusi berri dut Atalante zinema gelan eta Trumpen gobernantzaren garaiko amerikar bazter eta paisaia larrutuen irudiek zalantzati utzi naute: miliardunaren politika zekenaren lehen biktimak amerikar hiritarrak berak dira! Lana eta minbiziarengatik andrea galtzen duen pertsonaia nagusiak dena galtzen du, eta, ametsetako ingurune amerikarrak zeharkatuz, Nevadatik Nebraskarako eratorrian, Rex zakurra lehenik eta gero bere bi haurrak abandonatzen ditu...
Baina, egia da, ez dugu malkorik isuriko, pobreak eta gabetuak izanik ere, munduko aberatsenak diren jende horien bizkar. Trump hautatu zuten presidente gisa —hainbat gaizto beraientzat, ezta?— eta honek badaki herritarren izpiritu belikosoa sustatuz, herria bildurik atxikiko duela, eta sustut, kritikak isilaraziko dituela. Uluak beste mando bat aurkitu duela erranen zuen gure aita zenak bere mintzaera aberezalearekin: Irani erasotzea erabaki du, itu zibilak eta militarrak bonbardatzea, sistematikoki, aspaldian hasiriko petrolioaren gerlari kapitulu bat gehiago erantsiz.