Mundu gosetiaren biktimak direla sinestarazten die Trumpek bere alde bozkatu duten herritarrei, golf partida biren artetik ematen dituen elkarrizketen karietara. Baina funtsean, mundua ustiatzen pasatu dituzte mendeak, Afrikan, Europan, Hego Ameriketan, Asian. Kredituan eta gainerako herrien ekonomien bizkar irauten dute. Ipar Ameriketan bertan autoktonoen lurrak ebatsi eta jabetuz eraiki dute beraien aberastasuna —batzuek, ez denek bistan da!—. Izugarrikeriak egin dituzte logika horren izenean, adibidez napalmez ito zuten Vietnam, edo gaur egun, Israel uzten dute Gazako zerrendan sarraskia egitera!
Almeria aldean oroitzen dira oraino amerikar armadaren balentriez: 1966ko urtarrilaren 17an, Palomares herrian, hidrogenozko bonba nuklearrez kargatu B-52 aireko bat erori baitzitzaien buru gainera. Bi hegazkinek elkar jo zuten eta orduan, euri uhar erradioaktibo batek erre zituen lurrak eta herritar izutuen urratsak. Jendearen lekukotasunaren arabera, batzuek uste zuten munduaren akabera hurbil zeukatela. Kaosa eta suntsiketa ikusi zuten bertara helikopteroz etorri ziren amerikar armadako arduradunek, B-52 hegazkinaren puska handi bat sutan ageri zela herriko eskolako jostalekuan!