Mendeak badira jendeak —euskaldunok barne— astoez gaizki erranka dabiltzala. Duela bost mila urte bezatu zuten Nilo ibaiaren inguruetan, lanik gogorrenak egiteko eta piramideak eraikitzeko... laido pean gehienetan. Afrikatik Europara pasatu zen eta kolonizazio garratzen denboran, Ameriketara. Pobreen zaldi gisa ere ezagutzen da, horregatik ukan ditugu beti astoak gure baserrietan, eta ez bakarrik bi zangotakoak! Irain antza erabiltzen zuten etxekoek eta ez dut oroitzen ahal zenbat aldiz, merezi ala ez, aita edo amak astaña izatea leporatzen zidaten...
Asto solas nabil goiz honetan, begia heze eta dolu-aire, Oskar Alegriaren Paolo astoak bere azken hatsa eman berri duelako. Super 8 kamera zahar batekin bilduriko Zinzindurrunkarratz filmeko zinezko izarra zen Paolo, egilearen lagun mina, urrats eta hitz kide hurbil bezain mutua. Nafarroa erdiko azken artzainen memoria intimoa iruten zuten elkarrekin, desagertzen doan mundu baten emozio goibela ikuslearekin partekatuz.
Hemendik at, Paolo, gure aiduru dago astoen eta astañen paradisuan.