Otsailaren 17an, Gisele Pelicotek idatzi Eta bizipoza tituluarekiko autobiografia plazaratuko du Flammarion argitaletxeak. Sarkozyren hiru asteko kartzelaldiaren inguruko lanak baino arrakasta handiagoa ukanen bide du liburu horrek, interes kolektiboa piztuko duelako, bai eta menturaz, kuriositate zitala sustatuko ere, nahiz eta sumisio kimikoa jasan duten emakume are gehiagoren lekukotasunak entzun ditugun Pelicoten auziaz geroztik.
Zati batzuk irakur daitezke jadanik. Lehen aldiz komisaldegira deitua izan zenean ez omen zuen pentsatzen, poliziak agertuko ziola, deblauki baina kasu eginez, hamar urtez, bere etxera, senarrarekin hitz hartu 53 gizonezko etorri zirela bere bortxatzera. Argazkietan ez zuen bere burua ezagutu eta mundua hor hautsi zitzaiola kontatzen du, betidanik sinetsi zuelako bere senarra super-gizon bat zela, ona, gozoa, begionekoa.
Auzia publiko egitearen erabakia esplikatzen du halaber, ahalkeaz, herabetasunaz, gertatutakoaren ankerkeria hutsaz haratago, bere ustez, ez zelako horrelako jukutria sexualen biktima bakarra izan…