Erran eta egin dabil Washington, ahalaz prime time horretan, ekialdeko aferetan eskumakila fideltzat daukan Tel Aviveko arduradunekin batera. Batek ziztatzen du eta besteak ausikitzen. Elkarren osagarri dira, horrela segituz gero, berehalakoan petrolioaren erregeak bihurtuko direla segur. Gainera, botere politiko guztiz gehienak, salbu Frantzia eta Espainia agian, zoraturik begira dagozkie, arraiki txaloka, joko elektronikotik deus ez duen adrenalina diplomatiko zirrista horiek sekula geldi ez daitezen otoiztuz bezala!
Egia da Iran bakarrik dela munduko xake taularen gainean eta nehork ez duela aiatolen herrialdearen alderik hartuko. Ameriketako Estatu Batuetako herritar ertainen bizimodu negoziaezinak berean segi dezan, Trumpek merkatuko olio beltzik merkeena nahi du, eta dena egiteko prest dago xedea betetzeko, Nicolas Maduro bahitu eta Iran bonbardatzeko adibidez, ekialde osoa halako ezegonkortasun olde batean emanez. Gerla-maisuek jakinarazi zuten itu militarrak zeuzkatela jomugan… baina Iraneko eskola txiki bateko ehun eta hamar ikasle izan dira erasoaren lehen biktimak.