Urteko hondar egunetan herrialde ezberdinetako arduradun politikoen hitzaldiak entzutera gonbidatzen gaituzte. Jende asko biltzen da orduan pantailen aitzinean, hamar minuturen buruan haserre, frustratua eta lixibatua bukatzeko. Hori gertatu zaio Pilar Eyre kazetariari: Felipe VI. erregearen diskurtsoa hutsala eta nartzizikoa kausitu du, gizona bereaz baino ez delako mintzatu, herritarren kezkak ahantziz. Imanol Pradalesek, bere aldetik, Jose Luis Korta oriotarraren laguntza ukan du hiritar xehearen arrangurez oroitzeko! Zer erran Macronen erreinu bukaera-aire etsitu batekiko agiantza espektralez? Badaki ez dela makronismoaz deus geldituko, salbu hamarkada honetan Frantziako miliardunen funtsak lau bider emendatu direla. Herritarrak hemen ere zabor ontzietara aurtiki dira arraiki, balio gabeko zerak bailiran.
Beharbada, agerpen zurbil eta luzeen ordez askiko zuketen piupiu xuxurlatzea ikusentzulegoaren belarri zulora, bizitzako azken segundoan Brigitte Bardotek bere senarrari murmuratu zion hitza errepikatuz...