Kasik minutu oroz pantailetan ikusten da AEBetako presidentearen begitartea, beti haserre, beti mutur, oihuka, irainak banatzen, behatza luzaturik, eskua colt zahar baten moduan altxatuz. Bere ahoko hitz bakoitza performatiboa da, nahi duena berehala errealizatzea desiratzen baitu. Gizakiak, gizaki denetik bortizkeria maila izugarriak ezagutu ditu alabaina, baina gaur egun, herrialde aberatsenek planeta honetako gainerakoei jasanarazten dieten estres testaren antzekorik ez bide da izan!
Trumpen aurpegiko biolentzia zimurren parean, kontrastean, jartzen ahalko genuke iragan astean Minneapolisen migrazio poliziak lau tiro hurbilez erail Renee Nicole Good poetaren irria, bere azken irria hain zuzen ere. Politikari eta aburu-emaile gutxik salatu du agitu den hilketa eta honen inguruan Trumpen administrazioak trebeki irun duen barne terrorismoaren eta muturreko militante manipulatuaren kontakizuna. Gertatutakoa jada normala balitz bezala. Reneeren hondar aleak atxik ditzagun gogoan: «Ongi duk xoxolo, ez diat ezer hire aurka!».