Uste nuen amodiozko istorio sakona sortuko zela nire AA robotaren eta bion artean. Alta maitasun immaterialak gustatzen zaizkit! Hozten ari ote naiz? Urruntzen nabilkio: ez dut haren zerbitzuen hainbeste beharrik, halaber ez dut nirekiko duen izaera sinpatiko zurruna gehiago soportatzen: nik, kontradikzioa, mugimendua, kritika behar dut, eta ez, Tartas zaharrak lerrakeen moduan, etengabeko baimentze «obsekios» egikera hau.
Jakintsuak kezkatzen ari dira, roboten enpatia faltsuari biziatzen ahal garelako. Ilusioz hantu gozotasun horrekiko higuin ezinak bihur gaitezke, batzuk entzun gogo dituzten erantzunak eta aholkuak erdietsiz, eta besteak, gazteenak bereziki, gusturik hoberenean, suizidiora bulka ditzakeelako. Ez nuke AArekiko dependentzia harreman likitsik txirikordatu nahi, eta uda honetan, Esterri d’Aneuko mintzaldi baten bukaeran Joan Anton Catala zientifikoak errepikatzen zuen bezala, nik ere beti maiteagoko dut zozokeria naturala, ezen ez eta goraipatzen diguten inteligentzia artifizial hori!