Erlijioen mitoak erabiltzen dituzte gero hurbilaren axola domestikoa baizik ez duten gobernariek. Sarkozyk, BERRIA honetan irakurriaren arabera, erretreten erreformaren legea martxan jarri du azaroaren 15eko epea baino lehen, horrela bazterrak harrotzen doan haserrea eta sindikatuen oin peetan belarra epaituz. Gizon presatua da jagoitik banaketako erretiroa salbatu duelakoaz harro dabilena.
Urrian alabaina Jesus Kristoren Golgothako patarra igo zuen lehendakariak balizko kuraia politikoaren gurutzea bizkarrean, CGTko Bernard Thilbault-k hiru aldiz ukatzen zuela greba orokor mugagaberako deia eta azkenera Villepin jauna Judas galantaren plantan jazartzen zitzaiola Frantziaren arazorik handiena aberatsen presidenta hau zitekeela erranez. Ostirale sainduko arratsaldeetan elizetan kantatzen zen Pasionearen bidealdiak pairatu zituen eta ez pentsa biktimak, laster zahartasunik gabe geratuko direnak direnik.
Ez gaitezen fede txarrekoak izan ordea: buruzagi tematsuak plutokraten interesak salbatu zituen, eta berdin obratuko du oraino seguritate sozialaren alorrean, irakaskuntzarenean eta diru publikoak ureztatzen duen edozein eremutan.
Paradisua gertu daukagu. Intsentsu usain barik.
Salbatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu