Azken hamarkada hauetan, maiteminduak ospatzen ditugu otsailaren 14ko San Balendinen aizolbean. Jatetxeak betetzen, lorategiak Kenyatik etorri arrosaz husten eta urrezko girgilak trukatzen dira amodio eternalaren izenean. Sistema neoliberalak bikote heteroak ditu hobesten, gizon eta emazte sexuatuak, eredu hori delako, gero eta gehiago, gure jendarte aurreratuetan aintzakotzat hartzen dena. Egun berezi horretatik kanpo, lagunekin biltzen naizenean, senarrak futbolaz mintzo direla, emazteak maitasunaren zailtasunaz aritzen zaizkit, zazpi estazioko kalbarioa bailitzan: egunerokotasun astunegiak, karga mentalaren auziak, larru jotze behartuak, gizonak bai eta andreak ez, azkenean begiak zabalik egiten dutela... mutxurdinok zortea dugula erranez bukatzen dute, beraien ustez gizarte heterosexualizatuaren hersturetatik eskapatzea lortzen dugulako! Baina, txin-txin, ez luketela gu bezala bizi nahi marmartzen dute, bereziki zahartzaroko bakartasunaren beldur direlako! Solasaren une honetara heltzearekin, saminaz libratu direnean, gizona besotik hartzen dute eta etxera zuzentzen dira, trinkili-trankala, elkarri musuka, denek ikusteko gisa.
Besta on hala ere!