Badirudi Senperen badirela oraino sorginak, espazio publikoak eta infra-munduak balio unibertsalik ez duen laminen hizkuntzaz bataiatzen dituztenak. Baionako frantses estatuaren ordezkaria zintzurra motz gelditu da, ikusi duelarik nola izendatu dituzten beren herriko bederatzi biribilguneak. Euskara gehiegi eta frantses gutxiegi: ez da euskararen kontra ari, bistan dena, baizik eta onezia hutsez, jende normalak nekez ahoskatuko lituzkeelako Senpereko pertsona kuttunen izen-deitura horiek. Alta ez gara Islandian... baina frantses boterearentzat bereak ez diren hitzak oro marmarika ezinak dira!
Sorginen kultura sutan ezabatu zuten gure onerako, gazteak gerletara igorri zituzten gure onerako, gure ezpainetako mintzairak, ahalkea gugan txertatuz, desagerrarazi zizkiguten gure onerako, alabaina. Gure onerako ari omen dira eta denbora berean, funtsaren funtsean, gure kalterako ekiten dute, egiazki. Estatuaren diskurtso eskizofrenikoak izate urratu egiten gaitu, ez dakigula gehiago nola bizi harreman sadomasokista horren uhinean, biolentziarik eragin eta jasan gabean.