Tenperaturak gora doaz eta alerta horiak biderkatzen dira gure pantailetan. Badirudi boteretsuenek ukatzen duten aldaketa klimatikoaren funtsa erreala bihurtzen dela bizidunen gehiengoarentzat. Planetaren alde batzuetan eurite larriak badira eta besteetan lurrak eta alorrak errausten dituzten idorte latzak. Ez da gehiago leku bakar bat beroketa ezkilape horietatik kanpo gelditzen, Australiako uretan koral hesiak ere koloreak galtzen ari baitira.
Sua zerutik datorren bitartean —ez dugu ahantzi behar haatik ekaina bezperan garela—, zientifiko teknofiloak globoaren oreka zaintzeko hausnarrean higatzen dira, bereziki laurden mundu aberatsarena egia erran, baliabide numerikoak plantan ematen, ukamenak eta progresoaren baitako sineste itsuak irekitzen duen zirrikitu hertsiaz baliatuz.
Ez dugu gure bizimodua aldatu nahi, argi dago, nabaritzen dugun arren garapen etengabearen garai bedeinkatua bukatzear dela... hamar urte oraino —parioak libro!—, eta guzia lehertuko da politikarien eta herritarron usteak birrinduz.