Itxaro Borda

Sumindura

2026ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gure inguruan jendea marmarka dabil, deus ez dabilkio ongi, kexu etengabe batek eramaten du eta datorren martxoko udal hauteskundeetan arraiki bozkatuko omen du sumindura hori hobekien instrumentalizatzen duten alderdi politikoentzat. Eta alderdi horiek ez dira ezkerrekoak. Gaurko mundua, egia da, inegalitatez eta menpekotasunez hazten da, beti berak direlarik zurubi sozialaren azken mailetan, erortzear… Bizitzeko, sortzeko, pentsatzeko baldintzen zakartze denbora batean gaude, eta horretan, miliardunen medioek erantzukizun handia daukate.

Neokapitalismoa gorputzen eta izpirituen dominazio borondate hutsa bihurtua da: denek behar dugu, aldi eta ordu beretan, pantailei begira egon, erosi, larrua jo, heiteatu edo laikeatu. Bollore telebistaren aitzinean tapalakatzen dira ustez aurrerapen ekonomikoak ahantzi dituenak, zigarroak ezpainetan eta garagardoak eskuetan, aberatsenek ekoizten dituzten diskurtso antiekologikoak, arrazistak eta faxistak bargoek gazura bezala hurrupatzeko. Sumindura elikatzea erraza da, sinesteak merke saltzen diren kasino politiko honetan!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA