Mikel Soto ikerlariak, Mirande solas, Irati Majuelo literatura kritikariari bidalitako injonkzioaren testua irakurri dut kazeta honen zutabeetan bertan. Egia da, kontuz ibiltzekoak garela Miranderen errealitatea aipatzen dugunean, eta ez bakarrik gure hitzak zuberotarraren ilobak kolpatuko dituelako! Miranderen literatura-zale itsuak izan gaitezke, dudak dituenaren diskurtsoa sistematikoki zalantzan eman gabe. Euskaren eremuan halaber, segur izan beharko genuke, bereziki emakume idazle, kritikari, kazetarien adierazpen askatasuna bermatua dela, absolutuan.
Feminismoak materia idatziarekiko beste ikuspegi bat ekarri du, zilegia, baina badirudi euskal literatur sistema endogamikoan, burkide super sentsible batzuk badirela, zuzenketak eta barkamenak eskatzera, bai eta bazterketak jasatera behartzen gaituztenak. Betikoa. Eta gero, negarrez ariko dira, iruzkinaz harago doan zinezko kritikarik ez dagoelako… Ez ote da gauza normala eman ohi diogun baino askoz ere garrantzi gutxiago duen kritika hori apalesten baldin bada gure usteen araberakoa ez delarik?
Baina ixo!