Iragan egunean, Etxepareren obraz ari zitzaigun jakintsu baten power point orrialdearen erdian, sudurra begitartean bezala, latinezko hitzok ikusi nituen jazartzen. Eta berehala intsentsu usain azkar batek eraman ninduen: Oragarreko elizan nintzen, herritar ironikoen artean, ahoak eman ahala Tantum ergo Sacramentum kantatzen... Garai hartan latina frantsesa bezain arrotz zitzaidala aitor dut eta, ingurukoen mutur hotzen mende, anaiarekin irriz lehertzen ginen Genitori Genitoque murduskatzen genuenean!
Eman dut fededun urrats aski ene haur denboran, bizitzaren hondarra pagano arduratsu gisa higatzeko! Gure belaunaldiko herritar frankoren antzera funtsean. Baina egia da elizaren urrezko distirak, gizon eta emazteen koroen elkarrizketak, latinezko abestien erritmo misteriotsuak eta meza ondoko karameluzko goxokiak bestela haztatzen direla ume begiekin. Eta gogoratzen dugun ber, intsentsu aire tematsu hori... segikorra, memoria arraiki harrotzeko gai dena, autokontrolaz, debekuz eta larderiaz mukuru zen jendartera ziztuan bulkatzen gaituena. Mortala.