Itxaro Borda

Tea besta

2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sinesgarritasun ezaren eta erruduntasunaren artean eraman dugu bizitza, gertatu zaizkigun larritasunak oro merezi ditugula eta gauzarik hoberenak ez direla guretzat eginak pentsatzen. Igandea da eta galdezka nabil zerk eramaten nauen gogoeta hutsal hauen urmaeletan galtzera. Eta erantzuna harrigarria da: atzo arratsaldean mendiko tea prestatu dut, likido beltz horren isurian nire duda existentzialen uxatzeko indar zerbait aurkituko banu bezala.

Mendikotea izeneko ur hurrupaldi bakoitzak Santa Graziko gainaldeetara eraman nau, lau bozetan kantatzen duen abeslari bakartiaren aldamenera, Kakueta eta Ehüjarreko arroila sekretuetara, Bürgübürü anderearen zuberotar hizkuntza perfektura, denboran handik ibili zen hartzaren gordelekuetara, haize, euri, elur eta min egiten duen akulturazio meteorologikoaren bihotzera. Hosto idor mineral horien ekoizlea den Altabegoiti andereak, tea bihi borobilak bidali zizkidan gutun-azal berean, anaien etxean aldaxkak hazten utzi eta datorren udaberrian bertako baratze oparoaren ipularrean landatzeko!

Tearen bidea besta bat da… edonon.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA