Itxaro Borda

Telefonoz

2025eko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mundu mailako diplomaziak garaian garaiko baliabideak erabiltzen ditu harremanak agudoago iruteko orduan. Hondar urte hauetan ikusten ditugu gobernariak telefonoak hartzen estatu-buru kideei deitzeko, arerioak mehatxatzeko eta etsaiak urrunetik larderiatzeko. Aferak horrela trenkatzen dituzte, aski delarik orain, pantaila murritzak behatz gurintsuaz eskrolatzea, hurrengo aldian Bakearen Nobel saria eskuratzeko. Badirudi horretan ari dela Donald Trump Washingtoneko bere bulego obalotik. Telefono gorria dauka begipean, bizpahiru tratulant ideia eta planeta honetaz infernu baten egiteko xedea, aberatsenen jostaleku pribatu gisa erabiltzearren.

Putinekin, Netanyahurekin, Xi Jinpingekin edo Macronekin jartzen da linean, Bruce Springsteen gurea iraindu eta golf partidu biren artetik. Deien edukiak alabaina sekretu gelditzen dira. Gazako zerrendako biztanleak edo Zelenski ukrainar presidentea dira jada, mutu eta zutun, antzerki anker honetako indioilar eta petzero. Erran nezake, telefono bidezko diplomazia hori, aurpegia ez emateko modu bat ere dela, buruzagi horiek badakitelako ustiatzen eta bonbardatzen duten lur honen azken putarrak direla...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.