Los Angeleseko Joko Olinpikoen karietara, duela hogeita hamar urte abandonatu feminitate test delakoak indarrean jarriko dituzte berriz. Testosterona dute neurtuko, eta ondorioz, emazte lehiaketetan parte hartzeko dretxoa ukanen dute gorputzak hormona ar kopuru handiegia ekoizten ez dioten atleta hiperandroginoek. Caster Semenya hegoafrikar lasterkari txapeldunak neurri hau gaitzesten du emazteenganako errespetu falta dela erranez eta emakumeek goren mailako kiroletan parte hartzeko ahalmena duten ala ez galdatuz.
2018tik hona, hargatik, hainbat kiroletako arduradunek neska gazte hiperandro horiei mediku-tratamendu zorrotzak inposatu dizkiete hormona ar nibelak apalarazteko. Ez ahantz, gainera, 2028an, Donald Trump boterean izanen dela oraino eta nahiko duela hor ere bere marka utzi. Bigarrenez Etxe Zurira heldu orduko, dekretuz, atleta transgenero eta sexu-tartekoei kirol femeninoaren eremua debekatu zien. Beretzat, biologiaren emaitzak ukatuz, arren eta emeen kategoriak baizik ez dira naturalki aurkitzen. Giza eskubide elkarteen salaketak entzunezinak dira alabaina!