Aitortu behar dut aski harro naizela Baionako errugbi taldea Top 14 txapelketako lehen postuan dagoelako. Hargatik ez dut meritu handirik, baina nire zergen parte bati esker dituzte estadio erosoak, funtzionamendu fluidoak, batzuen eta besteen hilabete sari seguruak. Bego erranik. Maite dut, partidu egunetan, hiria urdin-txuri iratzartzen ikustea, deblauki karriketan isurtzen eta larunbat goizetako markatuak koloreztatzen. Txakurrek ere Peña Baionaren zapia daramate lepo inguruan!
Denbora labur barne bigarren aldia da Top 14ko burua hartzen duela gure ekipoak. Tolosa, eta iragan asteburuan Clermont erraldoia, lehertu zituen, baina ez Paue, lehen auzoa. Gustatzen zaigu, Jean Dauger kirol-zelaira joan gabean, irrati bidez Baiona irabazten segitzea, iparralde honetako jokalariak aurkitzen direlako bere lerroetan, Garaziko, Mauleko edo Landetako gazteak, bai eta hegoaldetik etorri mutiko trebe eta zainartak. Neurri batean, Top 14ko lehen postu hori sinestezina zaigu, irreala pixka bat, nahiz eta gozatzen dugun, iraunen ez duela dakigulako.