T1 autobusean nintzen herenegun, Miarritzera abian, neska gazte hura Angeluko Herriko Etxea izeneko geldialdian sartzen ikusi nuenean. Bi lekutako jargia batean hedatu zen bere Voltaire markako bizkar-zakuaren aldamenean. Uste nuen liburu mardulen bat aterako zuela, baina musika entzuteko haririk gabeko kaskoa jalgi zuen eta sakelan zeukan mugikorrarekin parekatu. Handik gutxira, ohartu nintzen oihalezko poltsa zapala zeukala eskuetan.
Bi orratz eta lana pilota urdin iluna zituen altzoan. Prest zegoen trikotatzen hasteko. Neskatxa plazidoak puntua puntuaren ondotik biltzen zuen, lasaiki, noizbehinka jendeari begiratuz. So geratu nintzaion, fazinaturik. Bat-batean oroitu nintzen, nonbait leiturik, trikotatzearen moda berpizten ari zela gazte belaunaldiko nesken artean, bereziki denbora pasatzeko eta meditatzeko molde antzera. Sare sozialetan milaka trikotatzaileek bere sorkuntzak eta lanaren inguruko gogoetak trukatzen dituzte, gure amamen garaiko trikotatu aditz mutxituari bere itzal negatiboa kentzen saiatuz!