Laborarien haserrea jabaltzeko, gobernuak neurri pakete berri bat hitzeman du, diputatuek datorren martxoan eztabaidatuko dutena. Duplomb legearen izugarrikeriak berriz ekarriko dira plaza erdira, eta uraren kudeaketa errurala bideratzeko eskubide unilateralak finkatuko dituzte. Laburki errateko, debekatuak diren pestizidak baimenduko dira eta ur-putzuak sortzeko natura zaintzea helburu duten elkarteen aburuak zangopilatuko, indarra erabiliz behar baldin bada. Ez da zaila nekazari zenbaiten kontentatzea, ezta?
Ura ondasun kolektiboa dela ezin uka. Aldaketa klimatikoaren ondorioz geruza freatikoak lehor daude urtean zehar, ibaiak eta errekak bezala funtsean. Oraindik ere ur asko eskatzen duten produkzioak egiten dira, hala nola artoa. Traktore animalekin lurra lantzen duten horien onerako ura pribatizatzeko xedea dute, ahantziz inguruko hiritarrek iturri jada kutsatu beretatik edaten dutela. Ereiten den artoa gero, abereen hazteko eta haragia ekoizteko erabiltzen da, bertute ekologiko izpirik ez duen zirkulua itxiz.