Bira

Urdinarbe

Itxaro Borda
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Asteburu honetako gertakari must-a Zuberoan daukagu. Hogeitabigarren Müsikaren Egüna ospatzen da alaina Urdinarben, egitarau mamitsu batekin. Barda hasi zen antzerki eta jazz-manux emanaldi banarekin. Eztabaidak garatu dira, zer eskübide ipar Eüskal Herrian gaiaren inguruan adibidez. Igandean aldiz zazpi izkinetako jendea milaka hurbilduko da herria zeharkatzen duen ibaiaren ezpondetara soinuz, elkar gurutzatzez eta adiskidetasunez horditzeko. Asteleheneko belhitzea gogorra date.

Okzitandarrak bertan dirate, manuxak, irlandesak eta starring aurten Anje Duhalde iparraldeko rock aldiaren iturburuetarik bat. Bestea, bistan dena, miresten dugun eta errotik ukitzen gaituen Niko Etxart delarik. Zuberoako ikastolek adelatu axurki bazkariaz gozatzen ahalko da Urdinarben. Nola ez. Oraino ere euskaldun izatearen plazera hedatuko da Llargo eta bere lagun antolatzaileei esker. Ez dugu gehiagokorik eskatzen, atsegina, bakea, demokrazia apur bat eta bi sos baino.

Uztaro taldeko Gonzalo Etxebarriaren margoak ageriko dira. Kolorezko tunelak. Erraldoi eta izpirituaren kilikatzaile. Kitzikatzaile noiztenka. Kauteren erdian kauteriza bekizkigu zauriak oro, ekialdeko zeruak geriza eta hazkurri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.