Prentsak agertu berri du azaroaren 10eko 11:31tik goiti urte hondarra arte, emazteak urririk ari direla lanean. Frantziako Gloriosak izeneko informazio gutunak du alarma jotzen, lan ordu berdinagatik soldaten arrakala oraino %14,2koa dela azpimarratuz. Esperantzarik ez da galdu behar, berdintasunera heltzeko 142 urte falta direla eransten baitute, arazo larria are ikusgarriago uzteko bezala. Suedian edo Islandian gaia historiaren putzu ilunetara aurtiki dutela gehituz bukatzen dute beren idazkia. Iparraldeko estatu horietan borondate politiko bati esker dira, argiki, gauzak doi bat aldatu.
Azken egun hauetan Francoren diktaduraren mamia eta azala aipatzen da egunkari honetan bertan, eta frankismoak emazteak nola kontsideratzen zituen aztertu dute artikulu batean: emakumeak etxean etxeko eta haurrak egiteko baizik ez zuen balio. Munduan barna, eskuin muturreko ideologia trostariek ez dute beste ametsik, eta bada beldurra, gaurko egoeran, soldata arrakalaren ezeztatzea xede urrikalgarri bat baino ez ote den izango.