Garai batean, frontera pasatzen genuenean, gauez gehienetan, aduanetako zakurrek gure auto zaharren barneak usnatzen zituzten substantzia debekatu bila. Bidenabar, ekimen bitxiak sorrarazten dituzte aldaketa klimatikoak eragiten dituen kezka ekologikoek. Rouen aldean, demagun, biztanle batzuk taldean bildu eta usain letalak ezagutzeko prestatu dira, herri erakundeen aitzinean alerta egile gisa agertzeko gero. Jasmin usainaren ordez, ziklopentanona zehazten dute, benzaldeidea, furfurila, sulfurida edo merkaptanoa. Inguruko nekazari eta industrialariek airean hedatzen dituzten izen arraroko molekulaz osatu biozidak dira guziak. Sudurra entrenatzen segitzen dute eta kutsadurak salatzen.
Iragan aste hondarrean ez genuen sudurrak bereziki trebatzearen premiarik jakiteko zer pasatzen zen Errobi hegiko Roland Barthes plazan, dzingar feria alabaina, erdaldun batzuek ahoskatzen zuten bezala! Euskaldunon kanpotarrekiko oinarrizko glotofobia pixa, izerdi, erraki usain eta ke artean itotzen saiatu ginen, mundua mundu egiteko denen beharra genuela gogoratuz.