Gobernuaren jaiegunen balizko ezeztatze xedeak solasak mintzen ditu. Botere zerbait banu, Bayrouri proposatuko nioke nik uztailaren 14koa agendetatik kentzea, erakusketa espantoros eta belikoso bat baizik ez delako, Frantzia, odola hain garbia ez duten etsaien kalitzeko beti prest dela (auto)frogatzeko. Horretaz ari nintzen neska-lagun ohi batekin Biocooparen sarreran, eta bi irri partiden artetik, harritzen ginen laurogeiko hamarkadako hizkuntz elementuak oraino gugan zein sakon erroturik ziren ohartzean!
«Konplexu militar-industrialaren» indarra ospatzen den festa nazionalaren karietara, presidenteak jakinarazi zuen, ez nik bezain brutalki haatik, jende xeheen bizkar egingo diren hainbat miliarreko ekonomiak armadaren eta defentsaren aurrekontuetara isuriko direla osoki. Ekologia, irakaskuntza, kultura edo kirola, guzia sakrifikatuko da, Dassault eta bere azpitratatzaileek —horietan batzuk badira gure eskualdean bertan—, lanpostuak salbatzeko aitzakian, sakelak hanpatu ditzaten. Gogoetaren une honetara heltzean, guri ere irriak sartu zitzaizkigun eta halako ezintasun sentimendu demokratiko batek lehertu gintuen.