Laborariak kexu dira: birusak badabiltza airean, eta abere bat gaixotzean artalde guzia hil behar da kutsaduraren hedapena murrizteko. Batzar Nazionalari hurbil dagoen Nekazaritzako Koordinakundeak —ELBrekin hasiera batean—, Ahurtiko autobideko sarrera moztu zuen, inpunitate osoan, jende arruntak berdin peka zezan estatuaren aurkako beraien haserrea: ez baita zuzen enpresa buru izatea eta hilean zortziehun euro irabaztea... Hiru gauza lortu dituzte haatik: abereen txertatze sistematikoa lehenik, Europa mailako bozka baten bidez pestizidak muga eta kontrolik gabe erabiltzeko eskubidea gero, eta azkenik, arazo guzien sorburuan leudekeen ekologisten kontrako gorrotoa herritarron gogoetan txertatzea!
Ahurtiko sargian animaleko zabor kantitateak ikusten ziren, galtzada fundituak, ongarriak eta errota zaharrak ketan, taula meta ustelak, zementu puska astun eta grisak: zerrenda hau ad libitum luza nezake. Prefetura ez zen kontent, baina ez zituen hedexuriak igorri laborari gaixoen kontra... langileak aspaldian gaztigatuak litezkeelarik, anitzez gutxiagorentzat.