Frantziako gobernuen eta bertako laborantzaren artean halako psikodrama ikusgarri bat harilkatu da betidanik. Nekazarien beso indartsuak erabili ziren XIX-XX. mendeetan industriaren garatzeko, prezio onean: landa eremuetan zohitu langileentzat soldata segur eta finko baten edukitzea bera aitzinamendu sozial gaitza zen! Kanpainak hustu zituzten ondorioz, berrantolatu eta dagoeneko 400.000 laborari baino ez dira Frantzian, lau milioi bailiran bazterrak harrotzen dituztenak beren arazoak plazaratzeko orduan, hirietan bizi garen gainerako herritarren begirunearekin.
FNSEA sindikatu puxanteko burua den Arnaud Rousseau izeneko 700 hektarea kudeatzen dituen lur-enpresariak bere mutil fidelak manifestatzera deitu ditu datorren maiatzaren 26tik hara, traktore erraldoien eta garestien gainean, bideak, supermerkatuak eta botere lekuak blokatzera hots. Uste dute bi urte hauetan beraien aldarrikapenak ez direla aitzinatu, eta bereziki ekologista puta horiengatik, hain erosoak diren pestiziden erabilpena oraino ere mugatzen zaiela. Erleak hiltzen dituena berriz baimendu du Batzar Nazionalak, zergatik ez besteak? Adiktoak dira eta gure osagarriaz axola izpirik ez dute...