Epstein aferaren inguruko paperak publikatu ondoren, lur honetako boteredunek sexuarekiko tirria gaitza dutelakoaz jabetzen gara, bereziki erasoari biziki hurbil den sexu modu batekikoa. Konplotistak loriatzen dira betidanik erran dutelako diruaren, boterearen eta muturreko sexuaren arteko lotura morbido bat bazegoela. Herrialde askotako buruzagi politikoak, ekonomikoak eta kulturalak ziliportatzen ditu 2019an New Yorkeko Manhattango kartzelan bere buruaz beste egin zuen harrapari sexualaren auzirako prestatu dokumentu metak.
Nahiz eta aberaskume frankok jakin Epstein 2008an kondenatua izan zela neskatxa batzuk bortxatzeagatik, influentzia harremanak iruten segitu dute harekin, eta orain bisigu begiak zabaltzen dituzte, harriduraz, deus ere ez zekitela oihukatuz! Hor ere, ikusten da, halako gaztigurik gabe dinamika bat, batek besteari dirua uzten ziola kanpaina politikoak finantzatzeko, artean neska gazte eskuragarriekiko kontaktuak trukatzen zituztela, behialako ogroen antzera, munduan barnako puxantenen fantasma sekretuenak elikatzeko gisan.