Itxaro Borda

Zuri-beltzean

2026ko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugikorrean, eta zuri-beltzean, Zuberoako haran isiletara berehala eramaten nauen argazkia daukat. Basabürüko herri bateko harrizko horma baten aitzinean Xotal txülülaria eta Pierra Aguer-Garat Arhaneko atabalaria ageri dira, jendea dantzaz eta musikaz zoriontsu egitearen plazera irakur dezakegula oraindik ere bi horien begietan! Pierra Garat ikusi dugu askotan Etxahun Irurirekin edozein pastoral edo maskaradaren karietara…

Argazki horrek istorio bat badu. Oparia da. Baionan gurutzatzen dudan eta izpiritua ironia eztirako beti prest daukaten basabürütar lagun pare batena. Pierre eta Frantxuarekin biltzen naizenean, zuberotarrik zoharrena ateratzen dut esker onez, eta bat-batean buru zokoan, Atharratzeko zerupe zilarrak hedatzen zaizkit, Ibar Eskuin mineralak, elizetako buhameen ateak eta kilometro zeroko kantarien ahots argien oihartzunak.

Ene euskararen ekialdeko aieru horrek ez dakar nostalgiarik, non ez den desertuan errotu adiskidantza bakarren itzalaz harago, melodia batzuen kardeton soilak alegera dezakeen behialakoan landu etorkizun haien perspektibarena…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA