Miren Amuriza.
BIRA

Zurrumurruak

2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Etengabe bere buruaz berba egiten duen jendea gogaikarria da. Etengabe ingurukoez aritzen dena, badaezpadakoa: inoren kokotseko ileak ere zenbatuta izaten dituen jende klasea, aldiro sumariopeko sekretua destapatzera balihoa lez jarduten dena; eroan-ekarrian dabilena, gure amamak esango lukeen moduan. Jende klase hori arriskutsua da okindegiko ilaran, pintxo-potean, lantokiko kafe-makinan, WhatsApp taldeetan zein sutetxo bat, zurrumurru bat, piztu litekeen beste edozein gunetan.

Ni neu apenas fidatzen naizen inorekin, neu lehenengo naizela, den-denok aritzen baikara txutxu-mutxuka. Ez gara suak eragin lezakeen minaz jabetzen harik eta norbera edo hurrekoren bat erretzen duen arte eta halere, miserableak zer gara, ba, batzuetan? Taberna-txokoan elkartu eta hantxe, bizpahiru lagun, halako edo bestelako gertakariez espekulatzen, zeina bere erara kontakizunak adornatzen nork morbosoago egingo. Putre sarraskijaleak hondakinei pika eta pika.

Bada jolas bat, telefono izorratuarena, partaideak korroan eseri eta elkarri belarrira mezu bat pasatzean datzana: lokatza batu dut mendian, orratza batu dut mendian, orratza sartu dut mendian... Eta horrela, orratza begian sartu arte. Baina zerbaitek belarrira txarto ematen digunean, gakoa ez da izango, ziurrenik, aurrekoari esaldia errepikatu araztea, guk ja ez dugula jolasten esatea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.