Izu-ikara batek astindu gaitu jakin dugularik Altzan txabola batean lo egiten ari zen pertsona bat sutan kiskalita hil dela, eta ustez herrialde txiroetakoak diren egoerak ekarri dizkigu gogora. Baina ez. Donostiako ekialdean gertatu da, hiriburuko aldirietan; izan ere, badirudi ez dela gauza bera Donostian ala Altzan bizitzea, eta, are, hiltzea ere.
Hain larria izan den gertaera honek hausnarketa sakon bat eginarazi beharko liguke, ez errudunak bilatzeko, baina bai erantzukizunak eta norabide aldaketak topatzeko, berriro gerta ez dadin, noski.
Pertsona horren heriotza gordinak agerian uzten du baden eta Altzan dagoen errealitate bat, Ijentea kalean, Askatasunaren Etorbidean edo Bulebarrean ikusi ez arren.
Altzatarrok jakin badakigu badirela baldintza kaskarretan, txabola miserableetan, bizi diren etxerik gabeko pertsonak, eremu narriatuetan, izan Zardoiako pabiloi zaharretan, edota landa eremuan.
Udala aspalditik ari da etxegabeak kaleratzen eraikitzekoak diren eremuetatik (Infernua, Añorga Txiki, Martuteneko eskola, Zardoia), horrela arazoa desagerraraziko duela erakutsi nahian, baina alfonbra azpian ezkutatu besterik ez du egiten. Dirudienez, eraiki asmo duen eremu horietan, zenbat eta okerrago egon, orduan eta hobeto udal interesentzat politika darama aurrera Udalak. Degradazioa onartzeko estrategia hori, batzuetan jabetzak berak onartua, salatu behar dugu; Zardoian gertatu bezala, ingurua narria dadin uzten dute degradazio horrek auzotarren arteko istiluak eragin ditzan, horrela, zenbaitek eska dezaten behingoz esku hartzeko eta eraikitzeko, eremua garbi ikusi asmoz. Eta horrela bi errealitateko hiria elikatzen jarraitzen dute, batetik, jaun feudal milioidunena; eta bestetik, txabolismoarena. Benetan larria da.
Etxerik gabeko pertsonen errolda bat behar da, neurri sozial eta publiko eraginkorrak behar dira, eta hondatutako eremuak garbitu eta berroneratu behar dira
Aste honetan, pertsona bat hil da Altzan, Auditz-Akularreko landa eremuan, hotzak zegoelako piztutako suak erreta.
Hausnarketa zentratzen saiatuz, azpimarratu behar dugu Altzan auzoetako elkarte guztiok bat gatozela ingurua berroneratzeko premiarekin. Aspalditik, duela hamarkada asko, ari gara hori eskatzen. Aldagai negatiboen sailkapenean Altza lehena da: biztanleko errenta txikiena, biztanle dentsitate handiena, ikasketa maila txikiena, eskola uzte goiztiarraren intzidentzia handiena, langabezia tasa handiena, inguruan lanpostu gutxien duena. Hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Hiri Kalteberatasunaren Inbentarioan (2023) adierazitakoaren arabera, Altza oso kalteberatasun sozioekonomiko handiko hiri eremua da. Baita Sustapena udal elkartearen azken barometroan ere. Lokimica enpresak 2024an udalarentzat egindako txostenaren arabera ere, arratoi gehien dituen auzoa gara, biztanle dentsitate handiagatik, eraikuntza zaharrengatik, mantentze egoera txarrean dauden eremuengatik eta hondakinen kudeaketa desegokiagatik.
Rankingari jarraituz, hiriko biztanle bakoitzeko espazio libreen estandar txikiena dugu (1,78 m²/biztanleko), hiriburuan baino ekipamendu komunitario eta zerbitzu publiko gutxiago, kultura programazio apalena, eta etxebizitza berriak eraikitzeko udalaren presio handiena (2022ko aurrerapenaren arabera, badago etxebizitza parkea %50 haztea). Eztarriko zulotik behera irentsiarazita.
Gure ustez, politikari jakin batzuei gure etxebizitza beharra interesatzen zaie soilik balio badu justifikatzeko eraikuntza gehiago, porlan gehiago, hormigoi gehiago, eraikuntza enpresen fakturazio handiagoa eta higiezin sustatzaileen onura handiagoak; eta boto gehiago lortzeko, gainez egindako eta gutxietsitako komunitateari ondorio kaltegarriak eragin arren. Horretarako gara Donostiako atzeko patioa, zentroan nahi ez den guztia bertan kokatzeko.
Batzuentzat ez da garrantzitsua hiriaren alde honetan gertatzen dena; garai hauetan ez lirateke egon behar pertsonei bizitoki txarra ematen dieten txaboletako kanpamentu horiek. Etxerik gabeko pertsonen errolda bat behar da, neurri sozial eta publiko eraginkorrak behar dira, eta hondatutako eremuak garbitu eta berroneratu behar dira. Eta zergatik ez ireki hutsik dauden etxe horiek, edota gutxiegi erabilitako eraikin horiek?
Konponbideak eskatzen ditugu kalean inor bizi behar ez, eta, are, hil ez dadin.
Artikulua honako auzo elkarte hauek ere sinatzen dute: Altza elkartasuna, Osteguna, Herripe, Gure Bidea, Buenavista, Lodabe, Altzania Kultur elkartea, Ostadar Larratxoko emakumeen elkaertea, Plazandreok elkarte feminista, Bizarrain euskara taldea, Showtime kultur elkartea.Â