Lan handia egin zuten ia inork irtenbiderik ikusten ez zuenean; munduko beste herrialde batzuetan izan ziren gatazkei (Hegoafrika, Ipar Irlanda, Kolonbia…) bukaera emateko metodologia estandarra —gatazkan parte hartzen zuten alde guztien arteko Bake Mahaia osatzea— ez zuten nahi ez Espainiako Gobernuak eta ez Frantziakoak ere. Inon inoiz egin gabeko bide propio bat asmatu zuten, hori zelako aukera bakarra: irudimenari eragitea eta proba egitea.
Esperimentazioetan bezala, landu nahi zuten bide berriaren arrakasta ez zegoen zirtatuta, baina ondo asko zekiten egoerak okerrera egingo zuela ahalegina egiten ez bazuten. Denbora alde, Espainia eta Frantzia lasai zeuden, eta modua bilatu beharra zegoen bi gobernuak eremu eroso horretatik ateratzeko.
Bake Bideak eta Bakegileak taldeek hartu zuten lan hori guztia bere gain, eta, zeregina bukaerara iritsita, bertan behera utzi dute beren jarduna. Artisauak berezkoa daukan lan molde finarekin, lehenak irtenbide justu baten alde mobilizatu zituen herritarrak, eta, bigarrenak, berriz, aldebakarreko armagabetzea gauzatu zuen. Bidean bildutako laguntza sendoagoa izan zen Espainiako eta Frantziako gobernuek eta Eusko Jaurlaritzak jarritako behaztopa harriak baino.
Bidean, Mixel Berhokoirigoin, Michel Tubiana eta Mixel Bergouignan galdu genituen. Merezi dute gogoan edukitzea.