Gure herrira iritsitako migratzaileak protagonista direla, bi adibide eduki ditugu oso denbora gutxian. Lehena, borroka baten harira, migratzaileen ehiza ikusi genuen Hernanin duela aste batzuk. Bigarrena, Donostiako Amara auzoan gertatu da, eta auzotarrek ahal izan duten moduan —janaria, dutxatzeko aukera, konpainia…— lagundu diete kale gorrian aste batzuk zeramatzaten migratzaileei. Guztiz arbuiagarria lehena, txalotzekoa bigarrena.
Europan —baita Espainian eta Frantzian ere— indar handiz zabaltzen ari den eskuin muturraren olatua ez da oraindik gurera iritsi, baina, uste dugunaren aurka, edonoiz irits liteke. Zaila izango dugu horretan uharte idiliko bat izatea.
Gure herriaren tamaina —hiru milioi herritar gara— oso egokia da hainbat arlotan praktika eredugarriak egiteko: genero berdintasunean, jasangarritasunean, zabor bilketan… eta migrazioan.
Migraziorako euskal eredu propioa garatzeko garrantzitsua da migrazioaren eskumen integrala edukitzea, guk geure migrazio politiko propioak diseinatu ahal izateko, eta migratzaileei merezi duten tratu duina eskaintzeko: harrera, asistentzia, lanerako paperak erraztea…
Lorpen zaila dela? Segurtasun politikak —Ertzaintza eta Foru Polizia— edo egunotan negoziatzen ari diren Gizarte Segurantzaren eskumena gure esku edukitzea bezain zaila.