Jende asko bildu zuen Gure Esku-k larunbatean Bilbon. Arrazoizko kezka bazegoen deialdiak arrakastarik edukiko ote zuen, erabakitzeko eskubidea ez dagoelako agenda politikoaren lehen postuetan. Ez dugu eskubide horren aldeko giro bizirik ikusi azken hilabeteotan. Baina Gure Esku-k manifestazioaren beroketa lana ondo egin du, herriz herriko kanpainarekin, eta jaso du uzta. Manifestazioaren arrakasta dudatan jarri nahi duenak aldera dezala igandean Alderdi Popularrak Madrilen egin zuen elkarretaratzearekin: 35.000 Bilbon Udaltzaingoaren arabera, 50.000 Madrilen Poliziaren arabera eta 100.000 PPren kontaketan. Nabaria da, proportzionalki, Gure Esku-ren aldekoa dela erkaketa.
Eztabaida sortu da Gure Esku-k garai politiko egokian deitu ote duen manifestazioa egitera; batzuek argudiatu baitute EAJ, EH Bildu eta PSE Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutu berriaz diskrezioz eztabaidatzen ari diren unean bakarren batek kanpoko injerentzia ikus lezakeela larunbateko manifestazioan.
Zer egin behar du Gure Esku-k ez bada herritarrak erabakitzeko eskubidearen alde mobilizatzea? Zertarako sortu zen, bada? Noiz deituko du manifestatzera, erabakitzeko eskubidea jasotzen ez duen testu adostuaren berri daukagunean? Edo lehenago, negoziatzaileei eskaera horren herri babesa ikusarazteko?
Batzuentzat inoiz ez da garaia ezer eskatzeko.