martxelo otamendi

Proportziorik eza Tolosan

2024ko otsailaren 15a
05:00
Entzun

Tolosa inauterietan dagoelako, kalean ez dago gurutza litekeen autorik, ezta iraul litekeen edukiontzirik ere, espaloiak osorik daude, kaleko adokinak denak bere lekuan daude, inguruan ez dago aldamiorik, ezta garagardo botilaz betetako kamioirik ere... Soldadu kalearen alde batean Ertzaintzaren brigada mugikorreko kide berezituak ezkutuekin eta kaskoekin, beste aldean —50 metrora!— gazte batzuk ertzainei garagardo botilak jaurtitzen. Hori da eszena, eta hori da gertatzen ari zenaren larritasuna.

Egon al zen arriskuan ondo babestuta zeuden ertzain berezitu haien integritate fisikoa foam jaurtigaiak justifikatzeko? Esku hartze polizialaren hiru printzipiok huts egin zuten Tolosan: proportzioa —foam bolak ez zeuden justifikatuta—, egokiera —inauteriak, goizeko laurak eta jende asko kalean— eta efikazia —16 urteko pertsona batek begia galtzeko arriskua—. Zertan berezituak? Tiro egiten bakarrik, edo tiro egin behar ez den kasuak baloratzen ere bai?

Gertaeraren leku berean irismen zabaleko kamera bat dago, ondo jasoko zuena dena. Gardentasuna agindu du Eusko Jaurlaritzak. Filtrazio interesaturik gabeko gardentasuna? Aurrekari kezkagarriak badaude.

Gaztea zauritu ondoren, bigarren aldi batean segitu zuten ertzainek, Beotibar kalean, foam bolak jaurtitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.