martxelo otamendi

Proposamen interesgarria Bartzelonan

2025eko maiatzaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Berritzailea ematen duen ekinaldi bat abiatu du Bartzelonako Udalak. Hiri hori aurrenekoetakoa izan zen, duela urte asko, herritarrei udal bizikleten zerbitzua eskaintzen; geroztik, herri askok jarri dute praktikan. Bizikletak leku jakin batean hartu, erabili, eta beste leku batean utzi. Hasieran, pedalei eraginda bakarrik zebiltzanak, eta, orain, elektriko mistoak.

Mediterraneoko hiriburuaren egitasmoak bi helburu argi dauzka. Lehena, auto zaharrak zirkulaziotik kentzea, eta, bigarrena, auto kopurua murriztea kalean. Urte dezente dituen auto bat txatartegira eramaten duen gidaria hiru urtez doan ibili ahal izango da Bartzelonako metroan eta hiribusetan, nahi adina bidaia eginda. Bai gidariak eta bai haren familiako edozein kidek erabili ahal izango dute doako zerbitzua, ez badira auto baten jabe. Hiru urte horietan zerbitzuaren erabiltzaileek ezin izango dute inongo autorik erosi, ezta elektrikorik ere. 

Denborak esango du proposamena nahiko erakargarria ote den auto zaharren jabeek —diru baliabide gutxiko herritarrak kasu gehienetan— udalaren eskaintza hartzeko eta garraio publikoarekin moldatzeko. 

Abantaila horretatik kanpo geratzen dira autoa erosteko ahalmen ekonomikoa eduki arren kontzientziagatik autoa erosteari uko egin dioten herritarrak, baina horiek ere ateratzen dituzte autoak zirkulaziotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.