martxelo otamendi
Enbaxada bila

Digestio onak eta ez horren onak

2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dakit barkamena eskatzea dagokidan, edo auzo lotsa adierazi behar dudan, baina katalandarrek jakin behar duzue euskaldun asko ikaragarri pozten garela asteazkenean Parlamentek hartutako erabakiagatik; mamiagatik, eta bildutako gehiengo kualifikatuarengatik.

Zergatik barkamena eskatu? Eusko Jaurlaritzako kontseilari eta bozeramaile Erkorekak Parlamentek hartutako erabakia baloratzerakoan asteazkenean bertan erakutsitako jokabide hotz, triste, gogatu, indargabe eta ilusiorik gabekoarengatik. Aurreko Jaurlaritza sozialistaren bozeramaile Mendiak horixe esango zukeen egoera horretan.

Ez al dute katalanek animo, indar, bultzada eta zorion mezurik merezi Jaurlaritza abertzale batengandik? Edo gogoratu egin behar al da abertzale katalan eta euskaldunen artean azken mendean, politikan eta kulturan batik bat, egon den harreman solidario eta laguntzailea. Eta nago ni elkartasun azoka horretan defizita daukagula euskaldunok katalanekin. Aukera polita galdu dugu, egunotako terminologia erabilita, defizita murrizteko.

Digestio txarra sortzen die jeltzaleei Kataluniako prozesuak; ez dute hara begiratu nahi, eta are gutxiago goraipatu. Behinola epeltasunaren militante CiU jarrera horretan ikusteak ispiluan begiratzera behartzen ditu. Ulergarria izan liteke, garai honetan, jeltzaleek eta Jaurlaritzak bizkortze ekonomikoan jartzea indarrak eta zentzu guztiak; konpartitu liteke edo ez dedikazio eskusiblo hori. Baina bateragarria izan behar du, alde batetik,ekonomiaren kezkak, eta, beste aldetik, euskaldunongandik horren gertu, geografikoki eta estrategikoki, dagoen Katalunian gertatzen ari denarekiko sentsibilitateak, babesak, atxikimenduak...

Kataluniako prozesua luzea izango da, zuzentzeko denbora badago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.