Domeka izaten zen mezatako eguna, familia elizkoia izanik txikitatik eramaten ninduten elizara eta eguneroko gogoetan bere tokia zuen erlijioak, bai horixe! Sinismena norberak bere errealitatea heziketa kolektibora zein pertsonalera egokitzeko bideratua zegoen, bataiotik norbere eta munduko ezagutza uztartuz gizataldeko arauetara; gaur egun ere familia katolikoetan horrelaxe izango delakoan nago. Horregatik Domekak filma ikustean, aspaldiko lengoaia batekin topatu naiz, zeozer ahaztuta neukana; errespetu osoz, telebista zuri-beltzean zenean nik bizi izan nuena, eta oraindik gaur egun askok eta askok bizi duten konpromiso erlijiosoa (nik neuk neure moduan ere bai, baina beste buelta bat emanda: heriotza beldurrari karenka begiratuta, ze kontrakoa badirudi ere ez gara betiko, «zahar hostixea hori», diost neure irudimen agnostiko-ateoak).
Erlijioa bizitze hori bautismotik datorkigu: etxeko edukaziotik, balioetatik, beldurrak uxatzeko otoitz egitetik, ziurtasunez aurrera begiratzeko esnatzeaz batera aitaren egitetik, lo hartu aurretik errezoz norbere buruarekin oreka bilatzetik, jatordu bakoitza errezoarekin hastetik… Bai, batetik eta bestetik: elizako kanpaiak entzutean berriro ere aitaren egiteko izandako pultsazioan, fede ohituran, egunerokotasunen loturan, txikitatik ezarritako fede konpromisoan domekero eliza joatetik… Domekak.
Eta, nire sorpresarako, aspaldi sinesmen errituetatik urrunduta banago ere, lagun baten ahizparen entierroan elizan sartu eta liturgia bizkaieraz entzutean… (Oh, bekatari! «Damu dot, Jauna, bihotz-bihotzetik!») neure ama hizkuntza hain landua, hain egokitua azaltzean, morfologia eta kristau sinismenaren komunioa bizkaieraz… emozionatu nintzen: «Jauna, ni ez naz inor zu nire etxean sartzeko, baina esaidazu hitz bat eta osatuko naz», haurtzaroko domeketara bueltatu nintzen.
Arraro sentitzen naiz neure kristau fedearekin, ze sarrailan sartzen ez den giltzak, fede apurrak, zelan zabalduko dit eternitatea? Bueno, neure barne pentsamenduak dira, baina Domekak pelikulan hori jasotzen da: erlijioa zelan bizi duen nerabetasunetik nagusi izatera pasatzen den neska gazte batek. Kristau fedeak ere baditu bere martiriak, bere santuak, milagroak eta infernua ere, ze taliban kristauak ere badira, ala ez? Bai, horixe baietz!
Pelikulan, barne diskurtsoaren antzezpena konbentzigarria da, sinesgarria, eta nago ikusleen gehiengoak, kristau edukaziokoa izanik ere, halako ezusteko bat sentituko duela bere bizipen erlijiosoak Domekak pelikulako protagonistarekin konparatuz. Fedearen bidez heriotza eta bizitza bat datoz hutsune existentzialik ez dagoela, horregatik Domekak pelikulako gazteak salto kualitatibo bat ematen du bere amonaren heriotzarekin batera. Arnasten dugun oxigenoa euri bihurtzen den lez, betiko bakea eskaintzen digu kristau fedeak, ala ez?
Pelikula Hertzainak taldearen Aitormena kantarekin amaitzeak pertsonalki sekulako esanahia ematen dio filmari, ze rock talde baten kanta abesbatzak moldatzen duen lez, kantaren esanahiak berak ere askatasunez aukeratzearen aldeko apustua baieztatzen du, pelikulako nerabearen erabakia aitortza bihurtuz: bekatuak aitortu ondoren, jaunartzea. Benetako kanta zirraragarria, ze kristau edukazioa izan dugunok gure barruan fedearen txinparta dei horrek bizitzako momentu jakin batean norantz jo ez dakigula bidegurutzean harrapatzen gaitu: «Jauna, ni ez naiz inor… ni ez naiz inor zu nire etxean sartzeko, baina esaidazu hitz bat, baina esaidazu hitz bat…».