EHUko irakaslea

Egiari eta eskubideei zor

2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egia hitzaren esanahia bilatzen badugu Euskaltzaindian, egia da denarekin, izan denarekin edo izango denarekin bat datorren gauza; baliorik gorena ematen zaion jakitea; arrazoiaren arabera ezin uka daitekeen esaldia. Ke pantaila bat, berriz, benetako arazoa edo egia ezkutatzeko sortzen den distrakzio edo maniobra bat da.

Azken urtean mundua hankaz gora dagoela esatea ez da ezer berria: egunero esnatzen gara-eta berri txar barri batekin. Palestinako genozidioa, tiroketak, deportazioak, adingabeen atxiloketak, ICEren abusuak eta hilketak, Epsteinen pedofilia sarea, Groenlandia, Venezuela, Kuba, eraso homofoboak, gezurrak nonahi eta inpunitate osoa…Egiari errespetu guztia galdu zaion honetan, ematen du posible dela edozer esan eta egitea. Berri Txarrak-ek bere abesti batean esaten zuen era kritiko batean: «Esan gezur bat mila aldiz, errepikatu hitzez hitz, handik gutxira ikusi, egia bihurtzen». Baina, nahiz eta askorentzat politika egiteko era hori den, ez luke horrela izan beharko.

Sabino Arana Fundazioaren arabera, «ikurrina Luis eta Sabino Arana Goiri anaiek asmatu zuten Bizkaiko bandera izan zedin, baina XX. mendearen hasieran, lurraldeko izaera galtzen joan zen eta euskaldun guztien ikur bilakatu zen». Euskaldunon ikur izan zen eta da. Egia da ez dakidala ikurrinak azken aldian zer esan nahi duen hemen gaudenontzat. Gero eta gutxiagotan ikusten baitut inguruan. Baina hori beste baterako. Badakit, ordea, zer suposatzen duen kanpoan bizi garenean.

Nik ere bizi izan dut hori eta. Herrimina. Kanpora goazenean, herria faltan botatzen dugu, eta sinbologia oso garrantzitsua bihurtzen da identitatearen mantenuan eta komunitatearen parte izatean. Pedro eta AgustĂ­n Oiarzabalek La Identidad Vasca en el Mundo: Narrativas sobre Identidad mĂ¡s allĂ¡ de las Fronteras liburua argitaratu zuten 2005. urtean. Bertan, mundu globalizatu batean euskaldun izatearen esanahia zer zen aztertzen zuten eta, besteak beste, euskal identitatea Euskal Herritik kanpo mantentzeko tatuaje, irudi, ikurrina, lauburu eta abarren garrantzia aipatzen zuten.

Oso ohikoa da, beraz, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunen artean gure ikurren tatuajeak ikustea. Komuna da, baita ere, kotxe edo furgonetetan ikurrina eramatea, edo kanpinean doazenean hura astintzea. Hauxe esan dit Bostoneko euskaldun batek: «Nire ilobek tatuajeak dituzte eta euskal bandera zintzilikatzen dute kanpatzera doazenean». Ikurrina sinbologia horren guztiaren parte da, eta Euskal Herritik kanpo bizi diren askorentzat babesleku eta komunitateko parte sentiarazten dituen zerbait da. «Niretzat, ikurrina urrun zaudenean hurbil sentiarazten zaituen zerbait da, irribarre bat sortzen duena, familia eta momentu onak gogorarazten dituena». Singapurren bizi da hori dioen euskalduna. «Ikurrina Euskadiren historia eta erresilientzia irudikatzen duen ikurra da. Ikurrina ikustean Euskadi eta daukagun guztia sentitzen dut eta harrotzen gaitu», adierazi dit Seattleko euskaldunak. «Euskal Herritik kanpo gauden euskaldunontzat, Ikurrina gure nortasunaren isla da. Gure identitatearen zati garrantzitsu bat. Ikurrinak, baita ere, erbesteratu behar izan ziren arbasoak gogoan mantentzeko aukera ematen du», azaldu dit, berriz, Boiseko euskaldunak. 

Azken egunetan Boiseko hirian gertatutako albiste batek oihartzun handia izan du gurean, eta zenbait lerroburu ere ikusi ditugu: Idahon (AEB) ikurrina debekatzeko egitasmoa bultzatu dute Trumpen aldekoek. Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ostean, Boiseko alkateak LGTBIQ+ bandera Kapitolioan mantentzea erabaki zuen. Horren harira, errepublikanoek bandera hori eta ofizialak ez diren gainerako banderak kendu behar zirela esan zuten, tartean, ikurrina. Ikurren inguruko gatazkak askotan botere eta diskurtso borroken adierazpena izaten dira. Ikurrina kentzeko erabilitako justifikazioak gutxi zor zion egiari.

Diana Lachiondo euskal diasporako kideak bere sare sozialetan elkarbanatutakoaren arabera, Ted Hillek, alderdi errepublikanoko kideak, lege-proiektu bat aurkeztu du ikurrina gobernuaren jabetza diren eraikinetan jartzea legez kanpo uzteko. Esan du banderak ETA ordezkatzen duela eta legez kanpokoa dela Espainian jartzea. «Ez da egia edo ez da hori kontua». Horren harira, ehunka mezu zabaldu ziren sare sozialetan, bai euskal diasporako kideen eskutik, bai Euskal Herrian bizi direnen eskutik ere.

Bai Boiseko eta bai munduko euskal komunitateak berriro erakutsi du nola diasporako kideak gure herriaren diplomazian klabe diren, nola egiak errespetua merezi duen eta nola ikurrinak erresistentziaren ikur izaten jarraitu beharko lukeen

Euren sorterritik kanpo bizi diren pertsonek errealitate bi ezagutzen dituzte: jatorrizko herrialdearena eta bizi diren herrialdekoa. Gloria Totorikaguenak Kapitolioan egindako agerraldian esan zuen moduan, euskaldun eta estatubatuar izatea bateragarria da, eta Boisen bizi diren euskaldun askorentzat, ikurrina Jaialdia denean eta momentu berezietan Kapitolioan egoteak hori ez ahazten laguntzen die. Aldi berean, batasun eta askatasun hori bermatzen die. Euren arbasoek Euskal Herria utzi zutela eta Estatu Batuetan etorkizuna bilatu zutela ere esan zuen, jatorria inoiz ahaztu ez baina estatubatuar ere badirela aldarrikatuta.

Askotan esan izan dudan bezala, historian zehar, diasporako kideak diplomazia agente moduan aritu dira, sorterria atzerrian babestuz eta hura era desberdinetan ezagutzera emanez. Euskal diasporaren kasuan, hala izan da beti, euskaldunak kanpora joan ginenetik euskara ahoan eta sorterria bihotzean izan dugu eta beti saiatu izan gara euskal lurraldearentzako onurak lortzen. Diasporako pertsonek harreman transnazionalak sendotzen dituzte, eta horrela sortzen da diasporako diplomazia. Estatu Batuetako euskal komunitatea askotan izan da diplomazia publikoaren eta diasporako diplomaziaren adierazgarri, eta oraingoan ere, hori ikusten ari gara.  

Ikurrinak Kapitolioan eta eraikin ofizialetan jarraituko duela badakigu. Legearen proposamen berriak beste herrialde batzuetan ofizialak diren banderak ere onartuko dituela dio, tartean Ikurrina. Ikurrinaren debekuaren eta horren inguruan esandako gezurren aurrean bai Boiseko, eta bai munduko euskal komunitateak berriro erakutsi du nola diasporako kideak gure herriaren diplomazian klabe diren, nola egiak errespetua merezi duen eta nola ikurrinak erresistentziaren ikur izaten jarraitu beharko lukeen. Ikurrina aitzakia hartuta LGTBIQ+ bandera kendu nahi izatea ke pantaila bat izan da. Ez dira konturatu, ordea, ikurrina babesten duten horietako askok ere komunitatea babesten dutela eta han egongo direla, hori babestuz eta aldarrikatuz.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA