Onintza Enbeita

Itolarria

2025eko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udak dena lausotzen du. Bertsotarako gaiak ere arinak izaten dira uztailean eta abuztuan. Jendeak barre egin nahi izaten du, herriko jaiak ospatu, terrazan eseri eta garagardoa hartu, su artifizialak ikusi… beroak lurrundutako burmuina bakean nahi izaten dugu ahal dela. Uda ez da mobilizazio handien garaia: jende gehiena kanpoan egoten da. Hemen gaudenok, berriz, planak izaten ditugu. Behin eguzkia egingo, eta ez gara bada manifestaziora joango! Txosnetako txandak beteta, ukabil gutxi jasotzen dira udan. 

Eta hara non, nire burmuin izerditan urtua mezuak jasotzen hasi den: Txiki eta Otaegi hil zituztenetik 50 urte datozela, haien omenezko irudi erraldoia zuen oihala eraitsi dutela Zarautzen, Gogora Institutuko zuzendariak adierazpen batzuk egin dituela eta lehendakari ohiak errespetua eskatu duela. 

Ezer pentsatzen hasi orduko, freskurari utzi nahi izan diot nire zentzumenetan sartzen, eta uste dut gure herriko politikari ere falta zaiola airea. Egundo leihorik irekitzen ez dioten etxearen antzera jarrita dago: ustez, beti isilik egon zirenek edozer esaten jarraitzen dute, eta besteak isilik. Eta ez dabil haizerik. Sektore handi batengan ez behintzat. Geure sentimenduak hitzez azaldu ezinak ito egingo gaitu. Ezin dugu nahi duguna maitatu, ezin ditugu gure erreferenteak aukeratu, ezin gara biktimak izan. Edozer egiten edo esaten dugula, mina sortzen dugu. Edo hitz egiten hasi aurretik barkamena eskatu behar dugu. Hori bai, guk ez dugu minik hartzeko eskubiderik. Gure hilek ez dute deus balio. Haien izenen gainera nahi adina zabor bota daiteke, eta, azkenean, frankismoaren kontra oldartu zirenek ere erreferente izateko eskubidea galtzear dute. Ez dakit zein den lerro artean irakurri behar dugun mezua: frankismoa ez zela hain txarto egon edo frankismoa ez zela hainbesterako izan eta ekitaldi instituzionalak antolatzea nahikoa izango zela hura amaitzeko. 

Errespetua eskatu du lehendakari ohiak. Zer gutxiago! Karguak ez ditu Jainkoak banatzen herri honetan, ordea. Zerbaitegatik dago Gogora Institutuan dagoen zuzendaria, eta zerbaitegatik gelditu da isilik oraingo lehendakaria. Nire burmuin berotuak ez du isilik egon nahi eta ezin du pentsatzen duen guztia esan. Itolarriak jo nau nerriro.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.