Azken hilabete hauetan, Pantxoa eta Peioren Baionako suprefeta izeneko kantua maiz gogorat heldu zait. 1978an kaleratu zuten, Euskalduna naiz eta maite dut herria diskoan. Roger Idiart Azkaineko apez euskaltzaleak zituen hitzak idatzi, ezagutu diogun doinu ironikoarekin.
Berriki, Nafarroa Behereko laborari erretretadun bat entzun nuen airea txistukatzen, eta kantuaren nondik norakoak kontatu zizkidan.
1970eko hamarkada bukaeran, laborarien mobilizazio azkarrak izan ziren, esnearen prezio apala, laborantza lurren eskuragarritasun arazoak eta oro har lehen sektorearen baldintzak salatzeko. 1978ko urte hartan, doi-doi hogei urte zituela, bere auzoko laborari gazteekin Renault 5 autoa bete eta Baionako bidea hartu zuten. Haien lehen manifa zen. Bertan, Paulmy etorbidean martxan zebiltzala, polizia bortizki oldartu zitzaien, suprefetak agindurik: «Baionan paseaturik, hemen nago zauriturik, bi begiak itsuturik, eta sudurra hautsirik».
Urteak joan arau, Ipar Euskal Herrian Frantziaren ordezkari diren suprefetek buruz aldatzen badute ere, kasketa bera daramate soinean. Gaurkoak Mathieu Duhamel du izena eta azken aldietan bereziki nabarmendu da euskararen aurka hartu erabakietan. Duela hilabete zonbeit, Baiona eta Sarako herriko etxeek euskarari ofizialtasun estatus sinboliko bat eman zioten beren herrietan, baina azken egunetan, suprefetak delibero horiek ezeztatu ditu. «[Beretzat] itsusi baita Euskal Herriko boneta».