Alazne Arruti Bengoetxea.

Furgesia

2025eko abuztuaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Noizbait 2003. urteko Vito urdinaren zazpi eserlekuak bete eta errepide bidaiaren bat egin izan dugu familian. Herriren batera heldu eta ostatuen sarreretara sartzen ziren helduak informazio eske, guztiontzat lotarako lekuren bat bilatu arte. Egun batzuk bertan igaro eta hurrengo herrira jotzen genuen.

Gerora, bi segundo eskasetan zabaltzen den baina horren erraz jasotzen ez den kanpin denda urdin bat erosi nuen. Eta pixkanaka, lurreko estera haizez puzten den koltxoneta batez ordezkatu nuen. Zein zen hurrengo urratsa?

Pandemiaz geroztik, furgesiaren izurriteak ere eztanda egin zuela dirudi. Furgonetak hirietara sartzea debekatu nahi duten arren, urte eta kilometro askoko ibilgailuen prezioek ere goia jo dute. Eta edonon bolo-bolo dabil, oporretarako ez ezik, saldu nahi diguten bizimodu berri hau. 

Bada bai, ni ere erori naiz amarruan. Etxean geldirik geratzen ari zen furgoneta urdin hari hautsa kendu eta neureganatu egin dut. Orain bi eserleku, hozkailu bat, eguzki-panel eta bateria bat, egurrezko sofa-ohe eta arraskadun armairu bat ditu. 

Aurten erabiltzen hasi orduko, lagun batek aipatutako hitzak geroz eta ozenago aditzen ditut. Zer eskaintzen diogu helmugako herriari, etxe ondoko saltoki handietan erosketak presaka egin eta hozkailua leporaino beteta irteten garenean? Ze kontsumo eredu sustatzen dugu, mendi, kostalde edota naturarantz jo eta soilik gure zain egotea espero dugun paradisuen xerka? 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.