Ez al zaizue gertatzen zerbaitetan hasi eta beste zerbaitetara joatea burua (eta eskua). Telesail bat jarri eta bigarren pantaila bila hastea. Nabigatzailean erlaitz gehiegi zabaldu eta zertan ari zineten ere ahaztea. Liburua irakurtzen ari zaretela Mastodon (edo Insta, edo Tiktok, edo Whatsapp, edo okerrago, laneko emaila) begiratzea. Nonbaitera zindoazten ustetan bidean galtzea.
Aitortzea gustatzen zaidan baino gehiago gertatzen zait. Sakabanatuta igartzen dut arreta: laburrago, azalekoago. Ahalegina eskatzen dit atentzio osoa gauza bati eta soilik bati ipintzeak. Eguneroko aditasuna zatikatu, probisional, prekario, aldakor igartzen dut, nagoen lekuan bertan ez ezik leku guztietan egon behar duen axola modu bat niretzat hartu izan banu bezala.
Ez dakit zehazki nor den dispertsio honen azken erantzulea. Norbera. Pantailak. Informaziorako (irakurtzekoa, ikustekoa, entzutekoa...) sarbide eta biltegiratzeko teknologiak. Esan gabe doa, kapitalismoa. Edozelan ere jaramon gaitasun mugatudun ugaztun sinbolikoak gara, eta ezin diogu denari heldu. Gehiago egitearen aitzakian gutxiago egiten amaitzen dugu. Diagonalean irakurriz, erdizka begira, soinua zarata bihurtuta.
Pertsonen arteko elkarrizketetan ere konturatu naiz oso gutxi entzuten diogula elkarri. Presa bagenu bezala. Zerbait galtzearen beldurrez pazientzia galduta. Eta tarteka pentsatzen dut ea geuk galdu dugun, edo ez ote diogun elkarri kendu.