Alazne Arruti Bengoetxea.

Itsasoarena

2026ko abuztuaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkor sartu da eraikinera berotik ihesi. Eskailerak jaitsi eta eskuineko korridoretik aurrera egin du, gurpil aulkiaren bila. Loti samar aurkitu du 64 urteko gizona, baina masaila musukatzearekin batera, begiak zabaldu eta irribarre txiki bat jaso du bueltan. Etorrera sumatu dutenak agurtu eta aulkiari tiraka egin dute kanporanzko bidea. Maiz, denbora moteldu eta lausotu egiten da bertan, oraina eta iragana katramilatzen direlarik.

Parez pare eseri dira parkeko eserlekuan. Kokagune estrategikoa da, haize korronte fresko batek zeharkatzen baitu bete-betean. Begiak itxi eta aurpegia eguzkirantz zuzenduta, ufadak neurrizkoak direla frogatu du, aitaren bertsio berri hau hozkila baita zeharo.

Gorputzeko epeltasunaz gain, hitzak, mugikortasuna eta irudikatutako jubilazio emankorra ebatsi dizkio gaixotasun honek. Eskua gerturatu eta zer gehiago galdu ote duen pentsatzen ari da alaba, hatzak gogor estutu dizkionean bueltan. Elkarrekin zituzten elkarrizketak ere, nahi baino gehiago gutxitu direnaren erruaz ekin dio alde bakarreko hizketaldiari.

«Gaur hondartzan izan da ama, ilobarekin». Goizean jaso duen bideoa zabaldu du. «Begira, zure herriko hondartza da». Umearen algararekin batera, haize kresaltsuaren zaratak pantaila zeharkatzen zuela irudikatu du alabak, begiak itxi eta elkarrekin itsasoaren lehen lerroan sentitzeraino. Bitartean, pantailak ezohikoa den modu batean atzeman du aita. Murmurio bat egin eta irribarre eder batekin jarraitu du alabaren eskua gogorrago estutzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA