Liluratuta nauka azkenaldian lotsa gabeziak. Behin eta berriro ikusi arren, ez naiz benetan ohitzen. Elefante hegalariak bezain sinesgarriak iruditzen zaizkit lotsatzen ez diren gizakiak, baina meigak bezala, egon hor daude.
Lotsa giza emozioa da berez, edo behar bada emozioen espektro oso bat. Lotsatu zaitezke zeure buruaz edo ondokoaz, lotsa sentitu daiteke oraindik egin ez duzun zerbaitengatik edo aspaldi urrunean egin zenuen hargatik ere, arrazoi osoz edo inolako beharrik gabe, norbait harro sentiarazten duen zerbaitekin eta alderantziz. Tolesdurak ditu lotsak. Ingelesez adibidez spanish shame esaten zaio auzo lotsari, eta gurean beste adiera batzuk har ditzake esamoldeak.
Ni, adibidez, lotsatzen naiz zorionak zuri abesten didatenean, ikuskizuneko publikoari txaloak erritmikoki jotzeko eskatzen zaigunean, gustatzen zaidan norbaiten aurrean, film txar batzuekin. Eta badaude noski lotsa larriagoak, damu deitzen ditugunak.
Gauzak horrela, inbidia handia ematen didate lotsabakoek. Superbotere ahaltsua iruditzen zait daukagun munduan. Motor probabilistiko bat balira bezala erantzuteko gai den jende eta erakunde horiek. Gainetik flotatzen dute, lotsa besteontzako gauza bat balitz bezala. Zer izan behar duen pisu hori gabe ibiltzeak, inpunitate horrek. Beharbada ez legoke gaizki, feminismoak beldurrarekin planteatu bezala, lotsa ere aldez aldaraztea. Panorama ikusita, badugu lana.