Gure ondorengoek nola oroituko ote gaituzte? Guk usaindu ere egiten ez dugun lurrinen bat gordeko dute gugandik? Hustu beharko dute gurekin eraman ez ditugunez beteriko armairu edo kaxaren bat? Zer jaso edo botako ote dute ahanzturaren zakarretara?
Neronek ez dut objektu txundigarririk jaso izanaren akordurik. Amaren aldeko aitona ez nuen ezagutu. Amona Joxepak aldiz, bere gonapean bilduta, egun bizi naizen baserrian barrena koskortzen ikusi ninduen.
Aitaren aldeko aitona ezagutzeko izan nuen denbora gehien. Bere esku zartatuek besarkatu ninduten negarrez bustitako agur guztietan. Ordurako, bere emaztea, amona Dora, hitzak eta mugikortasuna ebatsi zizkion gaixotasun degeneratibo gogor baten ostean agurtu behar izan genuen.
Ez dut akorduan hitz egiten entzun izana. Betidanik, inguruari eta geuri begira oroitzen dut egongelako besaulkian. Jan-edana ahora eman ostean, ohean sartuagatik, aitona oheratu arte begiak ixten ez zituelarik.
Uda honetan, urte askoz itzalirik egon den bere josteko makina martxan jartzea lortu dut. Nondik hasi ere ez nekiela, aspaldian nabaritzen ez nuen hutsune bat hasi zait bularrean. Eta gogorarazi dit, gaixotasunaren aurretik, bere afizio eta ofizioak ere izan bazituela.
Oroimenaren kutxa ahots, babesleku, min, isilune, usain, argazki eta bizi eta jasotako oroitzapenen puzzle erraldoi bat da. Eta zuek, zer jaso eta iraunarazi nahi zenukete bertan?