Iban Zaldua.

Simulakroa (amaitu da?)

2026ko abuztuaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen kontrako oldarraldi judizialak eta USaPeko zeroen istiluak zerbait erakutsi badute da Trantsiziotik honako euskararen inguruko kontsentsua, EAEn bederen, pitzatuta dagoela, agian baita apurtuta ere.

Kontsentsu horrek, Bernardo Atxagaren garai bateko taxonomia erabiltzearren, hiru zutabe zituen: antipatikoen (euskararen aurkakoen/indiferenteen) eutsitasun erlatiboa, sinpatikoekiko (euskararen aldeko gehiengo nagusiki erdaldunarekiko) koipekeria sinbolikoa, eta patetikoen (euskararen militanteen) pazientzia (infinitua).

Eta hiru tresna nagusi: administrazioa euskalduntzeko neurri oso partzialak (ez dutenak gehiegi mugatu funtzionario izateko eskubide kasik dibinoa); euskarari, zuzenean edo zeharka, noizean behingo atxikimendua ozen erakusteko makroebentoak (Kilometroak, Korrikak, Durangoak eta mota guztietako megaerromeriak…); eta hezkuntza sistemaren euskalduntzea.

Hirurek egin dute topo beren sabaiekin: antipatikoen lotsagabetzea, antifrankismoak hauspotutako ziklo historikoaren agortzearen testuinguruan (zeinari euskararen militantziaren funtzionarizazioak eta ETAren jitoak beren ekarpentxoa egin baitzioten…); ekintza performatiboen mugak (sinpatikoak asebetetzen dituzte, baina ez, derrigor, patetiko bihurtzen); erdipurdi baino euskalduntzen ez duen eskola bat (ereduen auziagatik, eta segregaziorako joeragatik).

Eta hortxe gaude. Agian terminoa ez zen kontsentsua, simulakroa baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA