Batzuetan astia izateak urduri jartzen nau. Azal nadin: ez da horrenbeste ez dakidala zer egin astiarekin. Ez nau hutsunea zerbaitekin bete beharrak erasaten, ez zehazki. Gehiago da Macaulay Culkin bihurtzen naizela Home Alone filmean, ohe gainean saltoka, etxetik korrika poz-pozik, azukre gehiegi jandako ume zoriontsu bat bezala.
Ez naiz ari gehiegi esajeratzen: oro har hain bizi gara justu, egin behar eta ahaztu ezin batetik bestera korrika, non bat-batean kalitatezko eta kantitatezko tarte bat zabaltzen denean urduri jartzen bainaiz. Zer egin askatasun guzti horrekin. Nondik hasi.
Kontua da inguruan galdetuta gehienek esan didatela denbora hutsak, programatu gabeko tarteak, erein —eta hortaz jaso behar— gabeko lurrak, halako ezinegon gaizto bat eragiten diela, azkura moduko bat, batere disfrutagarria ez dena, eta nahiago dituztela planez bete, direla asteburuak, direla oporrak, direla itxaronaldiak. Eta ulertzen dut, badakit zertaz ari diren, baina irribarre maltzur macaulaytarra itzultzen zait ahora arratsalde osoa libre izatearen ideiaren aurrean.
Agian txanponaren bi aldeak dira. Produktibitatea exijitzen digun garaiotan biak batzen zaizkigu produktibo ez izateko amildegien aurrean: zirrara eta bertigoa. Erortzearen beldurra eta hegaz egitearen euforia. Tarte hutsek halako arrakala bat zabaltzen dute gure bizitzen eraikuntza materialean, zuzen-zuzenean interpelatzen gaituena.